XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Osmo bigarren garagardoa ari zen amaitzen Kepa sartu zenean.

Pub-jatetxe hura, beti bezala, jendez gainezka zegoen eta larunbat arratsaldetan ia ezinezkoa suertatzen zen aulkiren bat aurkitzea hutsik.

Kepa eseritzerakoan hasi zen Osmo aurkezpenak egiten: lagunak zituen beste biak, Alfred, txikiena, eta Yrjô* deiturikoa bestea, segailena.

Beste zerbeza erronda bat eskatu zion Osmok zerbitzariari, litro erdiko hiru txarro gehiago.

Tabakoz bete zuen pipea ondoren, eta hasi zitzaion Kepari adierazten lagun berri haien etortzearen zioa.

Laguntzeko gertu zeudela, aitortu zion lehenengoz, eta bazegoela, hauen ustetan, posibilitate bat gutxienez, Errusiaratzeko.

Gainera, oraingo honetan, ongi baino hobeto zekitela ziotenaren berri, Yrjô* zeritzan laguna, nahiz eta jaiotzez finlandiarra izan, erdi-errusoa zelako.

Eta erdi-errusoa omen zen (irrifarrez esan zuen hau Yrjô*-ri begiratuz, eta honek ere beste irrifar batekin erantzuten ziolarik) neska errusiar batekin ezkondua zelako.

Zerbitzariak zerbezak mahairatu zituen, eta beste edalontzi huts guztiak erretiratu.

Osmok eten egin zuen bere hitz-jarioa kamareroak alde egin arte.

Orduan berriz ekin zion solasaldiari eta hasi zitzaion Kepari kontatzen Yrjô* lagunaren istorioa.

Ba omen zen neska finlandiar bat, Marja deitzen zena, Helsinkitik Leningrado-ra joan zena.

Eta suertatu omen zen, bertan, Marja hau erruso batetaz, maitemindurik geratzea.

Handik puska batera, gizon errusiar horrekin ezkontzea lortu omen zuen eta biak Finlandiara bueltatu omen ziren, Helsinkira.

Ba omen zeuden beste behin bera (Osmo) eta bere laguna (Yrjô*) beste askotan bezalaxe pub-jatetxe batean afaltzen eta zerbeza batzuk edaten (eta hau esatearekin batera begi batez egin zion ñikada Kepari Osmok) eta gau hartan nahikotxo pozik omen ziren.

Eta hala zeudela, zerbezak edanez, errusiar gizonezko bat inguratu omen zitzaien mahaira eta bertan eseri.

Hau ere, dexente edanda zetorren.

Beste erronda bat edatera egin omen zien gonbite eta bapatean, ea bitako norbaitek neska errusiar batekin nahi zuen ezkondu diru kopuru baten trukean galdetu omen zien, besterik gabe.

Bi lagunak, erdi mozkorturik, ez omen ziren hasiera batean oso ongi jabetu tratu hartaz eta bromari segitu nahiean edo, Osmok erantzun zion, bada, ezetz, berak bazeukala emaztea eta beste bat erosi baino gustorago salduko lukeela etxean zeukana, edota sikiera, beste batengatik aldatuko....

Baina Yrjô*-k, oraindik Osmo baino askozaz hordituago, baietz erantzun zion erruso hari, diruaren truke bazen baietz, lau mila markoren truke ezkonduko litzatekeela Errusiako emakume harekin....

Eta halaxe, esan eta egin.